Atzo Zarautzen: “¿Ama, no ves que no sabe castellano?”

29 08 2012

Atzo Zarauzko hondartzan hamahiruren bat urteko neskato batek amari, emakume batez ari zela: “¿Ama, no ves que no sabe castellano?”. Aipatu emakumea etzanda zegoen hondarretan eta bat batean sonbrilla eraman zion haizeak; emakumea konturatu ez eta neskatoaren amak jaso eta eraman egin zion sonbrilla. Emakumeak, orduan, euskaraz: “Barkatu, ez naiz konturatu. Baten bat jo al du deskuiduan?”. Neskatoaren amak erdaraz erantzun zion zerbait, besterik gabe, eta orduan neskatoaren ateraldi zoritxarrekoa, emakumeak aurreneko hitzak euskaraz egin zituelako: “Ama, no ves que no sabe castellano?”. Zarautzen, Euskal Herrian, 2012an ikusia, ez sinistekoa bada ere. Eta neskatoa eta ama euskal herritarrak ziren, zin dagit. Euskal herritarrak eta elebakarrak, elebakar gazteleradunak.

Advertisements




Athletic, Martinez, Llorente….

28 08 2012

Aitortzen dut: ez naiz sekula oso Athletic zalea izan. Kontrakoa ere ez, baina Realaren aldera gehiago jo izan dut, gertutasunagatik edo. Ez da izan filosofia kontua, ez ondo hausnartutako kontua, ez aldeko eta kontrako argudioen konparaketatik irtendako zerbait; besterik gabe dut nahiago Realak irabaztea Athleticek edo Osasunak irabaztea baino. Eta kitto, daukan garrantzia ematen diot futbolari, ez gehiago eta ez gutxiago.

Horregatik, ez dut entenditzen egunotan Athleticen inguruan entzuten ari naizena eta harritzen ari naiz, eta ia-ia kabreatzen ere bai. Esan dut futbolari dagokion garrantzia ematen diodala, eta gaur egun futbol profesionala horixe da, profesionala. Jokalarien eta entrenatzaileen salerosketan eta merkatu-arau kapitalista hutsetan oinarritzen den jokoa. Gero sentimentua dario talde bakoitzari, jakina. Filosofia ez da bera batean eta bestean, herri-ikuspegia handia da taldeetan eta horretan Athletic-en aurrean txapela kentzen dut neuk ere, baina gaur egungo futbola profesionala da erabat, eta Athletic-ek ere joko-arau horietan parte hartzen du.

Horregatik, ez dut entenditzen mutil-gazte batzuek kanpoko eskaintza hobea baloratu eta Bilbotik alde egitea erabaki dutelako halako jazarpena jasan behar izatea. Eta ez naiz ari Lezaman bildu ziren zale itsu gutxi horietaz, edota Martinezen edota Llorenteren argazkietan “vendido” pintatzen ari diren horietaz. Entzuten dut Urrutia lehendakaria edo Azkuna bera edo Urkullu bera eta, dedio, ez dakit zer pentsatu. Athleticen sartzea erraza da euskal herritarra eta jokalari ona bazara (ez da ahaztu behar sentimentua ez ezik dirua ere badutela Bilbo aldean), baina ateratzea ez hain erraza nonbait, eta bestela galdetu Martinez nafarrari.

Eta ulertzen dut Athleticen filosofiaren bidean harri-kozkor bat jartzea dela Llorenteren edo Martinezen ihesa, baina Athletic-zale guztiek ulertu behar dute haiek egiten dutena besteek ere egin dezaketela. Urrutiak dioenean beraiek ere zerbait gaizki egingo zutela Llorentek eta Martinezek Athleticetik joan nahi izateko eta handik gutxira Realeko edota Osasunako jokalariak fitxatu nahian omen dabilenean edota ibili denean, ikusi behar du beste guztiak gutxiesten ari dela, Athletic bera eta bakarra delakoan Euskal Herrian. Eta ikusi behar du, ikusi behar dute hau guztia, Martinezen eta Llorenteren ihes egin nahi hori logikoa dela, zentzuzkoa dela, justua dela futbol profesionala bilakatu den mundu zoro horretan, niri gero eta ulergaitzago egiten zaidan mundu horretan.





Bukatu da

24 08 2012

Bukatu da, kitto, kaput.

Ederki ibiltzen da ederki ibiltzen denean, oporretan batez ere, baina bukatu ere egiten da ibilia, eta orain bestelako bideari ekin behar berriz ere, eguneroko errutinari: iratzargailua, ikastolara umeak eramatera, gero lanera, eta lanera, eta lanera….. Baina aurten bai, aurten freskatu samartua ekarri dut burua: ez dut ordenagailurik piztu ere egin hiru astetan, ez libururik irakurri, ez pelikularik ikusi, apenas telebistarik…. Egunkariak gainetik irakurri ditut, arin-arin…. Fisikoki nekatu samartua bukatu dudala ere egia da, apenas egon naizen geldirik egunean zehar; baina tira, oporrak horretarako ere badira, alabekin disfrutatzeko, kirola egiteko…. Eta orain deskantsatzera, fisikoki esan nahi dut….

Oporrak geldiune bat dira eguneroko ibilian, behar-beharrezko geldiunea nire ustez. Asko kezkatzen nauen gaia da inguruan ikusten dudan ibilia, askotan norabide argirik gabekoa, bizimoduak eta lan ugariek eragindako ibili azkarra. Kilometro gehitxo, askotan inora ez heltzeko. Inguruan horrelaxe ikusten dut jende asko; dela lanean, dela herrigintzan, dela politikagintzan…. Horrelaxe ikusten dut neure burua ere askotan. Gehiegitan.

Horregatik, gehiagotan egin beharko genuke geldiune bat gure ibilian, gehiagotan esan gure buruari kieto, gehiagotan hartu arnasa eta freskatu burua, gehiagotan eman hustu bat gure disko gogorrari; eta, berriro ibiltzen hasi aurretik, norabideaz hausnartu, pare bat buelta eman gutxienez….

Kaput, kitto, bukatu da. Banoa berriro ibilian…..





Inazio Deunatik Marea Arroxara

26 07 2012

Azpeitiko jai nagusiak, saninazioak gainean ditugu eta nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Garai batean “Inazio, gure patroi handia…” zen jaietako kanta; aurten, goian jarritakoa. Gaur egun oraindik ere zezenketak baditugu festatan, prozesioak-eta mantentzen dituzte, ukitu elizkoi horrek hor dirau oraindik, baina ‘señorio’ hori guztia ez dago erdigunean, ‘señorio’ hori baino askoz ere gehiago da gaur egun Azpeitian festa, hori baino gehiago dira saninazioak. Eta horretan zeresan handia izan du Marea Arroxak, hainbat gaztek jaiak herritartzeko eta parte hartzea bultzatzeko sortutako mugimendu zabalak, alaiak, dinamikoak, parekideak. Eta, egiari zor, zeresana ere izan du Udalak, izan duelako aurtengo herri-programaren erdigunean, erdi-erdian mugimendu herritar horri jartzeko ausardia.

Zenbaitzuentzat Azpeitia txozna bihurtzen ariko da, hori esan du herriko EAJk egunotan, baina nik txozna bat eliza edo batzoki bat baino nahiago izan dut beti. Ez naiz bakarra, begibistakoa da, nahiz eta betikoek ikusi nahi ez. Eta jendea batean eta bestean mozkortzen da, beti izan da horrela. Ondo pasatu, pasatu gabe!

 





Aranburu

3 05 2012

Herritar guztiok berdinak ez gara, ez gizarte puta honetan behintzat. Klaseak eta klaseak daude, mailak eta mailak, eta batzuek sarrera errazagoa dute edozein lekutan, edozein momentutan. Duela urte dezente zen, Donostian, ikasle garaiko parranda haietako batean. Aranburu, Etxabe eta Sanse-ko beste jokalariren batekin parrandan genbiltzan anaia eta biok, eta Bataplan-era sartzen saiatu ginen, baina keba, ez zigutela utziko…. “Somos jugadores de la Real” esan zion Etxabek atezainari, baina keba, ezetz eta ezetz…. Artean ezezagunak ziren….

Bataplan-eko anekdota eta urte gutxira Aranburu Realean hasi zen jokatzen, Lehenengo Mailan, horrek gizarte honetan esan nahi duen guztiarekin, horrek edozeini gizarte honetan ematen dion mailarekin, klasearekin. Baina Aranburuk betikoa izaten segitu du, ez dut asko-asko ezagutzen baina hori nabarmena da, bistakoa da. Kalean beste edozein herritarren moduan ikusiko duzu, hala jokatu izan du beti: paparra gehiegi altxatu gabe, umil, gertuko, xalo. Inplikatu egin da herrigintzako proiektuetan, inplikatu politikan, inplikatu herri honek eskatzen duen horretan, esijitzen duen horretan. Beti ikusi izan dut deseroso famoseo kontu horietan, eta beti izan da eredugarri prentsaren aurrean, jendaurrean, publikoan; eredugarri izan dira hark esandakoak, eredugarri hark egindakoak. Ematen du itzal luzea utzi duela Realean, eta hori ona da; ona Realarentzat, ona futbolarentzat eta ona futbol jokalariei beste klase bat ematen dien gizarte puta honentzat.

Orain arazorik gabe sartuko zatekeen Aranburu Bataplan-en, arazorik gabe sartuko lirateke harekin azpeitiar astapotro guztiak ere. Baina iruditzen zait atseginago zaiola Txarrantxa-ko edota Orkatz-eko barra, atseginago soziedadeko afari-ondoko tertulia. Klaseak eta klaseak daudelako.





Guardiola

28 04 2012

Ados nago futbola oro har neurrigabeko bihurtu dela diotenekin. Denak galdu du neurria, denak zentzua; dena da zirkua, dena espektakulua, faltsukeria. Ados nago.

Baina ezin da ukatu futbolak eta futbolaren munduan mugitzen diren horiek guztiek eragin handia dutela gizartearengan, helduengan eta gazteengan. Balore batzuk transmititzen dituzte, eta beste batzuk ez. Alde horretatik, iruditzen zait garrantzitsua dela Guardiola bezalakoek kanpora transmititzen duten hori. Inguruan ere baditugu adibideak, baditugu gizatasun aldetik eredu eta praktika onak erakusten dituztenak (Aranburu bat, Bielsa bat….), baina egunotan Guardiola da protagonista eta Onintza Enbeita horretaz idaztera ausartu bada, nik ere Guardiolak nire ustez transmititzen duen hori azalduko dut, gehiegi hausnartu gabe. Baditu, nire ustez, ezaugarri batzuk oso-oso inportanteak direnak, nik behintzat garrantzitsu jotzen ditudan ezaugarriak:

Inteligentzia. Pertsona inteligenteak gustatzen zaizkit, betiere inteligentzia hori modu onean erabiltzen bada, eta Guardiola futbolean ikusi besterik ez zegoen ikusteko zeinen inteligentea den. Ez dut ezagutu beste futbol jokalaririk hain korrika gutxi egin eta hainbeste agintzen zuenik futbol zelaian, baloia ondo mugituta.

Printzipioduna.Barcelona utzi egingo duela prentsaren aurrean esan zuenean hogei mila kamera zituen aurrean, asko eta asko zuzenean emititzen ari ziren eta hala ere ez zuen inolako konplexurik izan prentsaurrekoa katalan hutsez emateko. Adibidez.

Afektiboa. Jokalariak, taldekideak, lagunak besarkatu, ukitu, kariñoarekin tratatzen ditu, jendaurrean behintzat bai, eta gaur egun gero eta gehiago baloratzen dut nik afektibitate hori.

Liderazgoa. Lider totala da, nire ustez. Ez da bera bakarrik izango, atzetik izango du talde oso bat liderazgo hori lantzen, baina Guardiola Barcelonan egon den urteetan lortu du taldeak estilo eta portaera eredugarria izatea, errespetuarekin jokatzea beti eta zabarkeriak eta harrokeriak alde batera uztea. Eta eredu horretan sartzen ez zena kalera bidali du.

Komunikatiboa. Oso pertsona komunikatiboa da, esan nahi duen hori ondo transmititzen duena. Inportantea da balore hori enpresa batean, eta hori da Barcelona: enpresa handi bat.

Eta abar eta besterik gabe.





Ertzaintza

11 04 2012

Ertzaintza aipatzean, niri beheko bideoen modukoak datorzkit burura, zer esango dizuet ba. Erredukzionismo ariketa izan daiteke, baina ezin dut ebitatu. Gehiegitan izan gara astakeria horien lekuko eta Cabacas-en kasua, zoritxarrez, ez da harritzekoa. Hitzak soberan daude.