Diario Vasco-adiktoak

4 10 2012

Goizeko 07:00ak, Azpeitiko taberna batean. Ari naiz egunkari bat irakurtzen kafea hartzen dudan bitartean; edo hobeto esanda, ari naiz kafea hartzen egunkaria irakurtzen dudan bitartean eta inguruan beste hainbat, nire moduan. Atentzioa deitu dit emakume batek; ez nuke esango adinekoa denik, baina bai urteetan aurrera doana. Eskatu du kafea eta hasi da kafea hartzen, gora begira, ezker-eskuin, aspertu itxurarekin. Inguruan baditu egunkariak eskura, libre: Berria, Gara, Marca eta Noticias, hain justu; baina berean segitzen du, orain gora begira, orain baten bati erreparatuz…. Derrepente, bezero batek Diario Vasco utzi du mostradorean eta hor doa emakumea, ziztu bizian, DVren bila, arrapaladan, beste guztia utzita. Atentzioa eman dit, baina ez da aurrenekoa hori egiten duena Azpeitian, askotan tokatu zait antzekorik.

Bitartean, albo batera utzia neukan kronika hartu eta irakurtzen segitu dut, eta hasi naiz pentsatzen oraingoan ere zeinen ondo ari den Joxe Azurmendi, oraingoan ere zenbateraino arrazoitzen duen, zenbateraino argudiatzen. Eta hasi naiz pentsatzen eta ikusi dut baietz, egia dela Azurmendik dioena, egia dela Estatuak gutxiengoak (Estatuarekin berarekin bat ez datozenak) kontzientzia txarrera botatzen dituela, gaizto egiten dituela; gehiengo on bat egoteko beharrezkoa dela gutxiengo gaiztoa, eta hori kultibatzeko kondena, damua, tortura.

Eta artikulua alde batera utzi eta emakumeari begiratu diot, eta, dedio, Diario Vasco ikusi dut horixe bera egiten, propaganda hori bera egiten, Estatuarekin berarekin ez datozenak kontzientzia txarrera botatzen. Eta gu koittaduok, gu asimilatuok, haren adiktu egin, haren eta bakarrik haren irakurle…..

Advertisements




Lankidetza praktikara eramanda

21 03 2011

Gaur beste pauso txiki bat eman dugu euskarazko komunikazioaren eremuan: berria.info-n tokiko informazioa txertatu dugu, eta erabiltzaileak aukeratu ahal izango du zein herri-eskualdeko informazioa jaso nahin duen berria.infoko hasierako orrialdean. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin, Hitzekin eta aiaraldea.com-ekin lankidetzan eman ahal izan dugu pauso hau, eta kontzeptu horretaz egin nahi dut gaur gogoetatxoa, oso oinarrizko gogoeta: lankidetzaz.

Askotan errazegi erabiltzen ditugu elkarlana, kooperatibismoa, lankidetza eta antzeko kontzeptuak. Errazegi ahoz eta errazegi idatziz. Formula juridiko asko ere horren bueltan adosten ditugu, helburuak eta funtzionamenduak finkatzen. Baina gero asko kostatzen zaigu praktikan jartzea. Kosta egiten zaigu helburu jakin bat lortzeko beste batekin edo batzuekin batera lan egitea, horrek eztabaida eskatzen duelako, gaur pixka bat ematea eta akaso bihar pixka bat jasotzea. Elkarlanak, lankidetzak arrisku maila bat eskatzen du, ez duzulako beti zuk nahi duzun hori zuk nahi bezainbestean lortuko. Eskatzen du bestearen tokian jartzea, eskatzen du ahalegin erantsi bat. Baina merezi du eta guk, euskarazko komunikazio proiektuak sustatzen dihardugunok, beharrezko dugu. Ez guk bakarrik, baina guk ere bai.

Gaurkoa bukatzeko, Jose Maria Arizmendiarrietari behin irakurri nizkion pare bat zita:

  1. “Aurrena gizakiak, eta gero kooperatibak”.
  2. “Garrantzitsuak ez dira kooperatibak, kooperatibistak baizik; ez demokrazia, demokratak baizik…. ez hainbeste ideiak, eguneroko praktika baizik”…..




‘El papel del papel’

28 02 2011

Hurrengo bideo honetan jasota dago ‘El papel del papel’ jardunaldietako zati bat. Denbora eta interesa duenarentzat, oso interesgarria.

[blip.tv http://blip.tv/play/hrg0gqb7AgI%2Em4v%5D

 





Prentsaren etorkizuna

24 02 2011

“El papel del papel” ekimena jarri du martxan egunotan sarean BCNMedialab azterketa laborategiak. Enrique Meneses, Emily Bell, Ramon Salaverria edota Jose Cervera bezalako adituak ari dira galdera honi erantzun eta euren iritzia ematen: nolakoak izango dira etorkizuneko egunkariak eta aldizkariak? ez da erraza erantzuna, sektoreko den-denok kontu batean ados gauden arren: beltza daukagu, oso-oso beltza. Internet eta teknologia berrien eragina dago hor, sare sozialak ere bai, publizitatea paperetik internetera doa, prentsa erosteko ohitura falta orokorra da….. Beltza dugu geroa, hori nabaria da. Aurreko aditu horiekin konpetitzeko eta konparatzeko inolako asmorik gabe, nik honela ikusten dut gure etorkizuna:

  1. Egunkariok galdu ditugun diru sarrerak ez ditugu berreskuratuko, ez erabat behintzat. Hau ez da pasatuko den krisi bat, egiturazkoa da. Ondorioz, gure egiturak eta produktuak egokitu behar ditugu. Horretan ari gara den-denok, eta horretan aritu beharko dugu gero ere.
  2. Testuinguru horretan, iruditzen zait egunkari eta aldizkari asko desagertzen joango direla hurrengo urteetan, eta desagertuko ez denak murriztu egin beharko duela produkzioa: murriztu maiztasuna edota murriztu paginazioa, edota bietatik pixka bat.
  3. Asteburuko egunkariak izango dira sendoagoak, lodiagoak. Aste egunetakoak meheagoak (gaur egun baino gehiago, esan nahi dut).
  4. Beti pentsatu izan dut garrantzitsua dela garrantzitsuena zer den ikustea, zer den jakitea. Eta garrantzitsuena kazetaritza da, sortzen dugun edukia, kalitatea. Hartzaileak behar eta eskatzen duen informazio eta eduki hori sortzen eta egoki zabaltzen ez badugu, akabo. Informazio landua, analitikoagoa…. joango da nagusitzen, eguneroko informazio azkarra internetek-eta hartua dutelako dagoeneko. Luxuzko produktua? Garestiagoa?
  5. Informazio lokalak eta sozialak etorkizun hobexeagoa dutela iruditzen zait. Esklusibitate kontuagatik…..
  6. Etorkizuneko erredakzioak ez dira hain handiak izango, hori uste dut. Kazetariak beti egongo dira, beti ibiliko dira kazetariak informazio bila, beti ibiliko informatzen. Baina iruditzen zait komunikabideek estruktura arinagoak izango dituztela.
  7. Internet eta sare sozialak, tabletak, aplikazioak…, horiek guztiak ekonomikoki ahulgune bat dira prentsaren jabeentzat, hori nabarmena da, hori ukaezina da. Baina teknologia berri horiek denak aukera bat ere badira komunikabideentzat, gure misioa eta helburua herritarrak informatzea den neurrian.
  8. Kazetariak egokitu egin behar du, bere burua kokatu testuinguru berrian: behin eta berriro ikasten aritu eta anbizioarekin jokatu. Interneten sorrerak eta garapenak inflexioa suposatu du, eta aldatu egin da kazetariaren egitekoa, kazetariaren antolaketa eta lan egiteko modua. Horra egokitzen ez denak jai dauka.

Tira, horrela ikusten dut nik, di-da batean, baina hemendik urte batzuetara ikusiko dugu argiago…. Ea ez dudan denean asmatzen.





Atzo urteurrena

21 02 2011

Atzo 8 urte itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria. Euri asko egin du ordutik, eta askotan ahaztu ere egiten dira gauzak, baina ez dugu ahaztu behar egin zutena, egin zigutena (Gezurra ari du liburu gomendagarriak ezinhobeto jasotzen du dena).  Eta bai, zazpi urtera absoluzioa etorri zen, baina egindako kaltea hor dago: kaltea proiektuari eta enpresari, kaltea pertsonari, atxilotuari, torturatuari. Duintasunari.

Testuinguru politiko jakin batean itxi zuten Egunkaria, hori jakina da: Aznar-ek gehiengo osoa zuen garaian. Gezurraren makinaria martxan jarri zuten, eta  Euskal Herria egituratzen laguntzen zuten proiektuak ETAtzat jo zituzten. Erakundeen kontroletik aparteko proiektuak, gaur egungo ordena konstituzionalarentzat traba ziren horiek denak terroristatzat jo zituzten, eta tartean zen Egunkaria, baina ez Egunkaria bakarrik: AEK, Elkar, Udalbiltza, ezker abertzalearen inguruko hainbat mugimendu eta erakunde…. Orain, beste testuinguru politiko batean absolbitu dituzte Egunkaria eta Udalbiltza, baina oinarrizkoak hor segitzen du, babesgabetasunak hor segitzen du, testuinguruen araberako ez dakit zer erabakiren baitan gaudelako oraindik, zintzilik. Horrela dago gure herria.

Herri batek komunikazio eremu propioa izatea ezinbestekoa da, behar beharrezkoa irauteko, beharrezkoa herri moduan hazten joateko. Komunikazio eremu propioa behar dugu, komunikabide propioak eta euskaldunak behar ditugu gure herri ikuspegia, gure ezaugarritzeak eta baloreak gizartean ondo-ondo txertatzeko. Transmisiorako eta formaziorako. Horregatik ere jo zuten Egunkaria-ren kontra, baina herri honek jakin izan zuen orduan eta ordutik hona erantzun oso ona ematen. Atzo 8 urte itxi zuten Egunkaria, eta atzo 7 urte sortu genuen gure eskualdean beste egunkari bat, tokikoa, Urola Kostako Hitza. Eta aurretik eta ondoren Egunero, Berria, Hitzak, Hamaika Telebista…. Herri honek, testuinguru hartan, jakin izan zuen erresistitzetik sortzera dagoen bidea egiten, proiektuak martxan jartzen eta gizarteratzen.

Orain, 8 urte beranduago, euskarazko komunikazio eremuak ahul jarraitzen du, indar handirik gabe. Baditugu irakurleak, badugu zabalkundea, baina ahulak izaten jarraitzen dugu, eta badugu lana. Ea sektore moduan ere asmatzen dugun erresistitzetik sortzera dagoen bidea egiten.

 

 





Kazetaria

10 02 2011

[blip.tv http://blip.tv/play/AYKhjxQC%5D
[blip.tv http://blip.tv/play/AYKg4lMC%5D
[blip.tv http://blip.tv/play/AYKg4ncC%5D

Nik admiratu egiten dut kazetari-kazetaria, benetakoa. Informazio gose den hori. Kalera atera eta harri azpitik notizia ateratzeko gai den hori. Aurrena izan nahi duena informatzen, aurrena gaia gizarteratzen. Haren pasioa, haren grina.
Kazetaritza ikasketak egindakoa naiz ni, kazetari lanak egindakoa ere bai, baina behin ere ez naiz sentitu kazetari-kazetari. Ez dakit, informatzen aurrena izan nahi hori ez dut sentitu gehiegietan…. Tintarik ez odolean, nonbait….
Baina ez naiz tipo arraroa, ez dut uste. Inguruan ere gero eta gutxiago dira kazetari-kazetariak, hori uste dut. Batetik, kanpo faktoreen eragina dago hor, kazetariaren lana gero eta baldintzatuago dagoelako. Erakunde publikoek, enpresek, alderdi politikoek eta denetariko gizarte eragileek, hain justu, eta komunikazioaren aro honetan, gero eta gehiago eragiten dute kazetariengan, eragiten komunikabideengan. Batzuek indar handiz, mehatxura berera ere ailegatuz zenbaitetan (publizitatea, diru laguntzak….); beste batzuek sutilago, baina presio mekanismo desberdinak deskartatu gabe. Areago: enpresa eta banketxe handien esku daude hainbat eta hainbat komunikabide, politikoki eta sozialki oso baldintzatuak.
Baina badira barne faktoreak ere, aurrekoarekin lotutakoak. Gero eta erosoago bizi gara, gero eta erosoago zaigu bulegotik atera gabe informatzea, notizia bere osoan egitea: testua, argazkiak, bideoak….. Prentsa bulegoek sortzen duten informazioa da hainbesterainokoa….. Hainbesterainokoa da prentsa deialdi kopurua, prentsa oharrak, prentsaurrekoak, elkarrizketa promozionatuak, irudi grafikoak…. Badira salbuespenak, jakina, asko gainera, baina gero eta gehiago dira kazetari-kazetariak ez direnak. Eta krisia, publizitate falta eta gazteen prentsarako zaletasun falta hor daude, hori da gure burukominik handiena, baina komunikabideen etorkizuna kazetariaren esku dago. Kazetaritzaren esku.





Iherarkiatik ‘redarkia’-ra

10 03 2010

Mundua aldatzen ari da, gizartea aldatzen ari da, komunikazioa aldatzen ari da, hartzailea bera ari da aldatzen. Eta hori oso-oso kontuan hartu beharko dugu, bestela tupust egingo dugu. Bestela, akabo.

Gure antolatzeko modua, gure lan egiteko modua, gure paradigma oso bertikala da. Oso. Goitik behera funtzionatzen dugu. Jartzen ditugu bitartekoak jendearekin harremanetan jartzeko, komunikazio bideak zabaltzen ditugu, baina betiko eskema bertikala da nagusi: arduradunak egiten ditu galderak, arduradunak erantzuten ditu galderok eta arduradunak hartzen ditu erabakiak. Eta hori aldatu beharra dago.

Natibo digitalak dira gizarte honen oinarri, eta gure pentsakera, lan egiteko modua, antolatzeko modua horretara egokitu behar dugu. Egitura iherarkikotik redarkia-ra pasatu behar dugu. Eman behar dugu pauso hori, bestela akabo. Pertsona da garrantzitsua, ez hainbeste egitura edo teknologia. Pertsona da daukagun kapital handiena, eta aprobetxatu behar dugu. Diziplina garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoak dira intuizioa, pasioa, ekimena eta lan egiteko gogoa, eta ezaugarri horiek guztiak bilatu egin behar ditugu gure antolakundeetako langileetan, hor daudelako nonbait; ezaugarri horiek guztiak esplotatu egin behar ditugu, eta horretarako zintzoak izan behar dugu, gardenak. Gure artean intuizioa, ideiak eta pasioa dituztenei lekua egin behar diegu, ideiak eta proposamenak egiteko aukerak eman, eta saritu, errekonozitu. Ez dugu beldurrik izan behar gu baino jende hobea badela erakusteko, arduradunak ez du bere burua, bere estatusa babestu behar beste ezeren gainetik.

Egitura iherarkiko batean ez da sumatzen ideia zeinena den, ideia ze buru argiri okurritu zaion. Beti goitik behera dator ideia, ideiaren lanketa eta plangintza osoa. Baina ez da hori bidea, nire ustez. Gutxien espero dugun lankide horrek izan ditzake ideia onenak, planteamentu onenak, eta aukera horiek plazaratzeko aukera eman behar zaio, zintzo eta garden.

Honekin ez dut esan nahi egiturarik behar ez denik, arduradunik behar ez denik. Baina arduradun-menpeko harremanak askoz ere gardenago, lausoago izan behar du, eta behar izanez gero aldakorrago. Horrek beldurra ematen duela? Norbere estatusa arriskuan jartzen dela? Bai, baina esandakoa: mundua aldatzen ari da, gizartea aldatzen ari da, azkar gainera. Eta guk ere azkar aldatzeko gaitasuna izan behar dugu. Bestela tupust egingo dugu. Bestela, akabo.