Egunkaria, Martxelo, torturak

17 10 2012

Tolosan nengoen irudi hauek zuzenean ikusi nituenean. EGUNKARIA itxi berri ziguten Guardia Zibilek eta han ari ginen, laino artean bezala artean, erasoari tamainako erantzuna eman nahian, egunero EGUNERO egunkaria egiten, manifestazioa, herrietako mobilizazioak, harremanak alderdiekin, eragileekin, erakundeekin…. Tolosako lokal batean geunden, hurrengo eguneko EGUNERO bukatzen eta orduantxe kolpea, orduantxe espero zitekeena baina espero ez genuena: gure lankideak, gure lagunak torturatu egin zituzten, torturatu. Kolpea, animikoa, handia izan zen, baina artean laino artean bezala geunden eta lana, erantzuna eta proiektu berria besterik ez genituen buruan eta ez zegoen besterik, ez zegoen burua altxatu besterik. Guardia Zibilaren sekretak lokalaren atarian genituen, nonahi, baina ez zegoen besterik.

Hurrengo egunean Martxelorekin berarekin egotea bezalakorik ez zen egon dena argiago ikusten hasteko, ikusteko egiten ari ginena egin besterik ez genuela. Haren indarra, haren adorea. Handik aurrerakoa ezaguna da: hilabete gutxian BERRIA proiektua jarri genuen martxan eta handik aurrera Martxelok berak eta ingurumaria handi batek torturaren kontra hasitako bideak emaitza bat eman zuen atzo. Ez da asko, inolaz ere ez da nahikoa baina bada zerbait.

Kalabozotik atera berritan ETBri eginiko adierazpenetan beraietan asmatu zuen gertaera pertsonal bat bere testuinguruan kokatzen, baduelako testuinguru oso zabala eta sakona, oso krudela. Tortura ez da kasu isolatua Espainian, hori jakina da. Zenbaitzuek 2003a eta gero onartu dute hori, aurretik ezikusiarena egin zuten askok eta askok; areago, gaur ere ezikusiarena egiten dute askok, baina ebidentziak hor daude, datuak hor daude, Estrasburgok berak dioena ere hor dago. Espainian eta Euskal Herrian torturatu egiten da eta estatu demokratiko batean eman daitekeen praktika anti-demokratikoenetakoa da tortura. Herritar bat atxilo hartu, ilunpean, eraman kalabozo ilun batera eta umiliatu, jo, biluztu, bortxatu eta psikologikoki suntsitu egiten duen Estatu batek, behin eta berriz gainera, ezin du ‘demokratiko’ abizenik eraman. Ezin dut horrelakorik ulertu, ezin onartu. Etika lezioak emango dizkigu gero, erakunde armatu klandestino batek egin dituen hilketa eta atentatuen gainean jardungo du eguna joan eta eguna etorri, onak eta txarrak bereizten dituen marra gorria marraztuko behin eta berriz, baina ez dauka horretarako inolako eskubiderik tortura bermatzen eta praktikatzen duen estatu batek.

Egun hartatik aurrerakoa neurri batean ezaguna da, baina ezagutzeko asko dugu oraindik, ezagutarazteko asko du oraindik Justiziak, nonbait baldin bada halakorik. Torturatzaileak, hura babestu dutenak, hura ezkutatu eta legitimatu dutenak ditut gaur buruan. Gogoan ditut infernu hori pairatu duten guztiak eta gaur, bereziki, Xabier Alegria, operazio hartan atxilotu zutenetatik kartzelan segitzen duen bakarrak. Hura ere bortizki torturatua izan zen.

Advertisements




Diario Vasco-adiktoak

4 10 2012

Goizeko 07:00ak, Azpeitiko taberna batean. Ari naiz egunkari bat irakurtzen kafea hartzen dudan bitartean; edo hobeto esanda, ari naiz kafea hartzen egunkaria irakurtzen dudan bitartean eta inguruan beste hainbat, nire moduan. Atentzioa deitu dit emakume batek; ez nuke esango adinekoa denik, baina bai urteetan aurrera doana. Eskatu du kafea eta hasi da kafea hartzen, gora begira, ezker-eskuin, aspertu itxurarekin. Inguruan baditu egunkariak eskura, libre: Berria, Gara, Marca eta Noticias, hain justu; baina berean segitzen du, orain gora begira, orain baten bati erreparatuz…. Derrepente, bezero batek Diario Vasco utzi du mostradorean eta hor doa emakumea, ziztu bizian, DVren bila, arrapaladan, beste guztia utzita. Atentzioa eman dit, baina ez da aurrenekoa hori egiten duena Azpeitian, askotan tokatu zait antzekorik.

Bitartean, albo batera utzia neukan kronika hartu eta irakurtzen segitu dut, eta hasi naiz pentsatzen oraingoan ere zeinen ondo ari den Joxe Azurmendi, oraingoan ere zenbateraino arrazoitzen duen, zenbateraino argudiatzen. Eta hasi naiz pentsatzen eta ikusi dut baietz, egia dela Azurmendik dioena, egia dela Estatuak gutxiengoak (Estatuarekin berarekin bat ez datozenak) kontzientzia txarrera botatzen dituela, gaizto egiten dituela; gehiengo on bat egoteko beharrezkoa dela gutxiengo gaiztoa, eta hori kultibatzeko kondena, damua, tortura.

Eta artikulua alde batera utzi eta emakumeari begiratu diot, eta, dedio, Diario Vasco ikusi dut horixe bera egiten, propaganda hori bera egiten, Estatuarekin berarekin ez datozenak kontzientzia txarrera botatzen. Eta gu koittaduok, gu asimilatuok, haren adiktu egin, haren eta bakarrik haren irakurle…..





Ertzaintza

11 04 2012

Ertzaintza aipatzean, niri beheko bideoen modukoak datorzkit burura, zer esango dizuet ba. Erredukzionismo ariketa izan daiteke, baina ezin dut ebitatu. Gehiegitan izan gara astakeria horien lekuko eta Cabacas-en kasua, zoritxarrez, ez da harritzekoa. Hitzak soberan daude.

 





Laxaro Azkuneri errekonozimendua

15 12 2011

Irakurri dugu igande honetan Laxaro Azkunek jarriko diola txapela Gipuzkoako bertsolari txapeldunari, eta ikaragarrizko poza hartu dut. Egundokoa. Merezi zuelako, errekonozimendua irabazia duelako. Ondo irabazia.

Gogoan dut, ondo gogoan ere, Uztarriaren sorreran elkar ezagutu genuen garai hura. Guretzat Laxaro ezaguna zen, jakina; baina apenas ezagutzen genuen elkar. Eta ez naiz esajeratzen ari esaten dudanean ikaragarrizko zortea izan dela hura ezagutzea; gozada bat lagun moduan harekin bilera-bazkari-tragoak konpartitzea; gozada, militante-kide moduan harekin proiektuak amestea, marraztea eta gauzatzea.

Laxaro bera eta Jose Luis Otamendi bat, bi adibide jartzearren, izen handiak ziren garai hartan guretzat, ezagunak oso, kultur munduan elitea. Gu txiki sentitzen ginen haien alboan, inurri. Baina ezagutu orduko lortu zuten haien pare sentitzea gu inurriok, haiek gure pare. Eta ikaragarri baloratzekoa da, ikaragarri eskertzekoa da halako elitea, halako jendea inurri lana egiten ikustea herrian, auzoetan, elkarteetan. Herrigintzan.

Zorionak Laxaro, igandean onenak irabaz dezala eta bertsozaleak goza dezala.





Maitasun hitzak nahi nituzke esan…..

9 11 2011

“Maitasun hitzak nahi nituzke esan, baina gaur ezin dut….”

Izan ere, egoera politiko berriak ilusioa eragiten dit niri ere; duela urte pare bat baino askoz ere hobeto gaude, argia hortxe-hortxe ikus dezakegu; lagunak kartzelatik ateratzen hasiak dira, elkarri begiratu ere egiten ez ziotenak elkarri begiratzen hasiak dira, EA-Ezker Abertzalea-Aralar-Alternatibaren arteko indar metaketak ilusioa eragiten du….. Baina oraindik ezin erabat pozik egon. Kezkak ere baditut buruan….

Batetik, urteetako gatazkaren ondorioak hor daude oraindik: alde bateko zein besteko biktimak, presoak, errefuxiatuak eta iheslariak, hortik nonbaitetik ihesi dabiltzan gizon-emakumeak. Hori dena erreparatu ezean nekez hitz egin dezakegu bakeaz.

Bigarrenik, gatazka politikoa, Estatuak erabat ahaztu nahi dituen gatazkaren oinarriak. Lurraldetasuna eta autodeterminazioa edota erabakitze eskubidea. Gatazka armatua bukatuta ere, nolabaiteko gatazka edo talka beharko da arlo honetan, gaur egungo legediaren itxiturak nolabait gainditu nahi badira. Armarik gabe ere egin daiteke konfrontazioa, hori esan izan zaigu behin baino gehiagotan alde batetik zein bestetik. Baina oraindik arlo honetan berde samar gaudela uste dut.

Hirugarrenik, nazio eta gizarte eraikuntza. Euskal Herriaren oinarri izan diren, diren eta izango diren zutabe horiek sortzen eta sendotzen segitu beharra dago, zerbait egingo bada. Euskara erdi-erdian kokatuta, kultura letra handietan, lan-harremanen euskal esparrua, hezkuntza sistema propioa, azpiegiturak, komunikabideak, gizarte-eredu aurrerakoia, feminista, ekologista….. Eta berriro esango dut, badaezpada ere: EUS-KA-RA da zentrala. Bestela ez dut independentziarik nahi nik.

Azkenik: lehen ere esan dut, instituzio mailan ematen ari den indar metaketak ilusioa eragin dezake, baina aurrerapausoak emateko ezinbestekoa izango da, nire ustez, herri mugimendua indartzea eta azkartzea. Herri mugimendua, alderdi politikoetatik eta instituzioetatik harantzago dagoen zerbait bezala ulertuta. Mugimendu politiko moduan antolatua zenbait kasutan, alderdien eta beraien ordezkarien parte-hartze eta inplikazio ezinbestekoarekin, baina alderdi politikoetatik eta instituzioetatik kanpo, nire ustez. Konfrontazio demokratikoa eta nazio eraikuntza bezalako hitz potoloak aurrera eraman nahi badira, ezinbestekoa izango da, nire ustez, ehundaka lagunen inurri lanaren bidez eta pedagogia eta ideolojizazio lan handiaren bidez gizartearen parte handi-handi bat irabaztea eta komentzitzea. Hori ere bada politika.

Eta bidean, ze demontre, esan ditzagun maitasun hitzak ere.





Elurra urtzen ari da…..

17 10 2011

Jesus Egigurenek E.T.A.ren desagertzea  mendi elurtuaren urtze prozesuarekin konparatu zuen, eta egunotan edo asteotan omen datorrenaren aurrean ezin izan dut Mikel Laboaren kanta hau ahaztu. Behin eta berriz datorkit burura, ezin ebitatu. Elurra urtu egingo delako, baina elur urtuak bere lekua egin beharko duelako ibarrean; elurra urtu eta gero ere independentzia nahi duenak borroka molde desberdinak probatu eta frogan jarri beharko dituelako, geldigaitza den oldarra sortu nahi bada behintzat….. Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea….

“Eguzkiak urtzen du goian
gailurretako elurra
uharka da jausten ibarrera
geldigaitza den oldarra.

Gure baitan datza eguzkia
illuna eta izotza
urratu dezakeen argia
urtuko duen bihotza.

Bihotza bezain bero zabalik
besoak eta eskuak
gorririk ikus dezagun egia
argiz beterik burua.

Batek gose diraueno
ez gara gu asetuko
bat iño loturik deino
ez gara libre izango.

Bakoitzak urraturik berea
denon artean geurea
Eten gabe gabiltza zabaltzen
gilzatasunari bidea.

Iñor ez iñor menpekorikan
nor bere buruan jabe
herri guztiok bat eginikan
ez gabiltz gerorik gabe.

Batek gose diraueno
ez gara gu asetuko
bat iño loturik deino
ez gara libre izango.

Eguzkiak urtzen du goian
gailurretako elurra
uharka da jausten ibarrera
geldigaitza den oldarra.”





Biolentzia, bizkartzainak, marketina

17 06 2011

Azkenengo eztabaida sortu duena: Andoaingo alkateak (Bildu) bizkarzainei udaletxera sartzea debekatu die (hemen albistea). Badute beste pixka baterako bazka komunikabideek, tertulianoek, Etalogoek eta ondo antolatutako orkestra handi horretako kide guztiek. Orain egun gutxi egunkarietako portadetan ETAko bilatuenen argazkiak erakutsi dituzte, aurretik Legorretako zuloa…. ETA inoiz baino ixilago dagoenean inoiz baino gehiago erakutsi nahi dute ETA hor dagoela, ETAk hor segitzen duela; gero eta gehiago ETAren izaera biolentoa azpimarratu nahi dute, bakarra bailitzan. Marketin estrategia osoa dugu hor.

Azken batean, Espainiarentzat pentsatzen diharduten horiek, hor nonbaitetik orkestra hori guztia diseinatzen eta kontrolatzen ari diren horiek hemengo gatazkaren relatoa dute buruan. Badakite ETAk erabakia hartua duela, inkluso esango nuke guk geuk baino informazio zehatzagoa eta zuzenagoa daukatela, baina orain buruan daukatena da betirako, historiarako idatzita geratuko den relatoa. Demokratak eta biolentoak marra gorri batekin bereiztuko dituen relatoa (badakigu zeintzuk diren demokratak, zeintzuk biolentoak). Horregatik, adibidez, orain PPk udaletan aurkeztuko dituen mozioak, “ETAren hilketa guztien kondena” egingo dutenak.

Eta inolako lotsaren arrastorik gabe diote, gainera, hemen dagoen biolentzia politiko bakarra ETArena dela, badakitenean ez dela horrela. Badakitenean gaur eta hemen nagusi den biolentzia sistemarena dela, biolentzia sistematikoa eta anonimoa, ezkutukoa, oharkabean pasatzea nahi duena eta, larriena dena, edozein konponbide oztopatu nahi duena. Badakite, eta horregatik azaleratu nahi dute bestea, ez dagoen lekutik titularrak, portadak eta tertuliak betez.

Eta bai, Andoaingo kasuarekin berriz ere ETAren biolentzia hor dagoela azaleratu nahiko dute, eta Bildu kakaztu horrekin, zinegotziak babesgabe uzten dituztelako-edo, baina badaezpada ez dute esango aurreko zapatuan Andoainen bertan, taberna batean, bizkartzain batek pistola erakutsi ziola ezker abertzaleko militante bati, mehatxu eginez, txorakeria bategatik burua galdu zuelako. Tabernako bezeroek beraiek lasaitu behar izan zutela bizkartzain biolentoa. Edo ez dute esango Madrilen Gallardonek ia zinegotzi guztiei kendu diela bizkartzaina, beharrik ez dagoelako nonbait (hemen albistea).