Chavez eta gu

7 03 2013

Sinple ariko naiz, blog honen moduan, intuizioz gehiago analisitik baino. Anaiak gogorarazi dit gure izeko Arantxak esan ziguna (urteak daramatza Venezuelan bizitzen, Maracaibon): “Edukiko ditu gauza txarrak Chavezek, baina Venezuelaren alde asko egin du, pobreei asko eman die: osasuna, hezkuntza, ongizatea eta garrantzitsuena, duintasuna”. Asko daki horretaz Arantxak, misiolari joan zelako hara eta Vatikanoarekin arazoak ere izan zituzten, pobreen alboan jarraitu nahi izan zutelako heziketa lanetan. Horretan dihardu.

Eta bai, izango zituen alde txarrak komandanteak, hemendik Europa aldetik ulertzeko zailak diren ezaugarriak: populista, kolpista, Alo presidente eta abar. Baina nik errekonozitu behar dut ikaragarri estimatzen dudala hark izan duen gaitasuna, hark eta haren inguruko mugimendu guztiak Venezuelako gizartea eta oro har Hegoamerikakoa aldatzeko izan duen gaitasuna, petrolerak nazionalizatuta, bitartekoak gizartearen esku utzita.

Kontrakoak dituela? Jakina, normala. Pentsa, gu ez gara kapaz fiskalitatea tajuz aldatzeko, ez gara kapaz aberatsei presio fiskala handitzeko…. Eta hark, egin zituen aldaketekin,  ia-ia gizartearen erdia, aberatsena, behartu zuen pribilejioei uko egitera. Eta ez zeuden prest, hemengoak prest ez dauden moduan.

Sinplea ematen du, baina ez da.

p.d. “Yankyes de mierda, iros al carajo, que aquí hay un pueblo digno”

Advertisements




Ez dut ahazten…., baina aurrera!

19 02 2013

Irudia

Hamar urteotan asko ikusi eta ikasi dugu, txarrerako eta onerako, eta nik behintzat ez dut ahazten. Nola ahaztu? Egunkaria itxi egin ziguten; gure lantokia, gure proiektua, gure bigarren etxea; lankideak eta lagunak espetxeratu egin zituzten, umiliatu, torturatu. Ezin da ahaztu hori guztia. Ezin ahaztu, era berean, Egunkaria armekin itxi eta hurrengo egunetan, hurrengo asteetan, inkluso hurrengo hilabeteetan nola ibili ziren hainbat eta hainbat interesatu, inguruan, tratukeria merketan, proiektu berriak zabalagoa behar zuela esanez, pluralagoa, independienteagoa. Guardia Zibilari eta Estatuari jarraitzen, ia-ia, nahiz oharkabean izan. Nola ahaztu? Ezin dut ahaztu egindako kaltea eta niri behintzat barkamenik ez eskatzea, ez dut halakorik behar.

Aurrera begiratu nahi dut, aurrera egin. Auzi ekonomikoa behin betikoz bukatu eta ibili egin nahi dut, beharra badaukagu eta. Esperientzia txar guztiek dute alde onik, eta Egunkariaren itxierak erakutsi zigun zeinen garrantzitsua zen proiektua, zeinen beharrezkoa herri honentzat, hizkuntza honentzat. Gu geu ere ez ginen hain-hain koziente, proiektuaren partaide izan arren. Horregatik, hamar urte eta gero, eta hizkuntz normalizazioan eta nazio erainkuntzan euskarazko hedabideen garrantzia eta estrategikotasuna hainbesterainokoa izanik, eta ahaztu ez arren, aurrera begiratu nahi dut eta lanari (ber)ekin, misio eder honetan bidelagun izan nahi duen edozeinekin elkarlanean.

Egunkaria aurrera! Euskal hedabideak aurrera!





Zaharrak umetzea, tratu txarra

13 11 2012

Halaxe entzun dut lanera nentorrela, iragarki batean, erdaraz: “Antes todos me hablaban de usted. Ahora me llaman Juanito”. Eta ondoren iragarkiaren mezua: “infantilizar a las personas mayores tambien es maltrato…” edo antzeko zerbait.

Ez dakit, seguru iragarki horren atzean badela errealitate bat, errealitate gordin bat. Seguru badela kanpaina horren atzean helburu egokirik, seguru badela prospektiba ariketa zehatzik eta errealitatearen azterketarik. Baina niri belarrian krask egin dit iragarkiak, ez dakit zergatik. Gure amona, etxekoa, alzheimerrak jota hil zen eta ikusi dut zaharrak umetzea zer den, zer den berriro jaten erakutsi beharra, idazten, margotzen…. Eta badakit hala dagoen jendea ondo tratatzea zer den, badakit gaizki tratatzea zer den, kasurik ez egitea, ahanztea, ahanztu araztea… Baina, ze kontxo, barre ere egin izan genuen batzuetan, haren ‘umekeriekin’. Eta ez zait iruditzen iragarkiak dioena denik adibiderik onena, ez dut uste.

Nik inguruko zaharrei, inguruko helduei, amari eta osaba-izebei ez diet berorika hitz egiten. Areago, inguruko heldu askori hika edo toka egiten diet, haiek niri egiten didaten heinean. Izeba-osaba askorekin egiten dut hika, eta ez zait iruditzen horregatik errespetu falta erakusten diedanik, nahiz eta lege zaharrak hori esan. Areago, nik gertutasun halako bat sentitzen dut halakoetan, hobeto adierazten garelako bata eta bestea, hobeto komunikatzen. Hobeto eta naturalago.

Eta izenaren erabilerarekin ere berdintsua gertatzen zait. Batek baino gehiago deitzen dit tartean-tartean Ibantxo, eta ez naiz horregatik gaizki tratatua sentitzen, ez naiz iraindua sentitzen, ez naiz umetua sentitzen. Alderantziz, gertutasuna sentitzen dut, maitasuna, afektua. Alabek etengabe deitzen naute aitatxo, eta ez litzaidake inportako hogei urte barru ere hala deituko banindute, ez dut uste.

Esandakoa: kanpaina horren atzean egongo da beste errealitaterik, egongo da helburu txalogarririk, baina niri kontrako efektua eragin dit…..





Izena nirea da

13 09 2012

Mikel Antzaren karta hau leitu nuenean hasi nintzaion gaiari buelta batzuk ematen: izena, izen komuna, izen berezia, izenaren erabilera jendaurrean, sinadura….. Karta irakurri eta, egia esan, aurpegi galantakeria handia iruditu zitzaidan beste Mikel Antzak egindakoa (ETAkideak ez, besteak), ez zuelako detailerik ere izan bere sinadurari bigarren abizena jartzeko, jakinik ere bazela Mikel Antza ezagun eta publiko bat hortik zehar, era horretan nahasmena eraginez. Nahita edo nahi gabe, izenaz apropiatzeko halako ahalegin bat ikusi nuen. Gaur Leire @txargain-en tuit hau irakurritakoan gaia berriro etorri zait.

Gogoan dut Oarsoaldeko Hitza sortzen ari ginela gurekin lanean ari zen Iñaki Berrio lezoarra nola hasi zen ‘Iñaki Berrio Zabala’ moduan sinatzen bere artikuluak, bazelako lehendik Diario Vascon idazten zuen Iñaki Berrio kazetari bat eta ez zuelako harekin nahasterik nahi. Zentzuzkoa iruditu zitzaidan erabakia, logikoa. Gaur egun areagotzen ari da bi abizenekin sinatzeko ohitura kazetarien artean-eta, amaren abizenari gorazarre egitearren-edo, berdintasun ukitu bat eman nahian-edo, baina Iñakiren arrazoia bestelakoa izan zen, hala esan zigun behintzat.

Bide horretatik, ez dut sekula ulertu izan enpresa handi samar batean mikel@xxxx.net helbidea duen jendea, adibidez. Edo Twitter-en @mikel edota @julen profila duen jendea. Inguruetan beste Mikelik edo Julenik ez balego bezala, bakarrak balira bezala. Ematen du hain izen ohikoak diren horiek bereganatu nahi dituztela, bere egin, bakarrik bere. Inguruko beste Mikel-ek edo Julen-ek bila ditzatela bestelako aldaerak pubikoan agertzeko, abizenarekin jokatuta-edo.

Halako detaileak izan daitezke oharkabean eginikoak, seguru direla  inolako intentziorik gabe eginikoak eta igual ari naiz ni punta ateratzen puntarik atera ezin zaion horri, baina ondo pentsatzen jarrita ikusten diot egoismo puntu bat, “izena nirea da” esan nahi bat.





Enpatia kontuak

10 09 2012

Gaur enpatia gaitasun minimo-minimorik ez duen tipo batekin egin dut topo, halabeharrez. Kotxean nindoan, errotonda baten kanpoko aldetik, lasai-lasai. Aurreneko irteera hartzen hasi naiz eskuinerantz, eta errotondaren barrualdetik zetorren tipoak ia-ia jo egin nau bere kotxetzarrarekin, hark ere nire bide bera hartu behar zuelako eta presaka antzean zihoalako. Trafiko-arauek ez ezik, zentzuak ere argi dio: nik neukan lehentasuna, hark egon behar zuen eskuineko erraila libratu zain, baina tipoak ez du hala ulertu eta haserretu egin zait, bozina joka hasi zait, oihuka, keinuka…. Pikutara bidali dut, jakina.

Pertsona batek beste baten lekuan jartzeko edota hark sentitzen duena antzemateko gaitasuna da enpatia, baina gaur egungo gizartea gaitasun hori ere galtzen ari da, hori sumatzen dut etengabe. Herriko kale estuetatik barna kotxean doanak kaguendioska agurtzen ditu oinezkoak, eta alderantziz; erretzaileak ez du enpatia gaitasunik izan bestearekiko, ez du erreparorik izan zigarro kea janaritan zabaltzeko orduan, eta gero legea, gero araua, gero zigorra; umeak ditugunok ez dugu ulertzen besteak ez duela zertan gure umeen oihu, kaka eta abarrik aguantatu, baina umerik ez dutenek ere ulertu behar dute umeak horixe direla, ume. Eta abar. Enpatia gaitasun gutxi, azken batean.

Gaur goizeko txofer nazkante haren moduan, ustez arrazoi osoaren jabe ihes egiten dugu geuk ere maiz edozein solasalditik, eztabaida askotatik, bestearen tokian jartzeko ahalegin txikienik egin gabe. Eta horrela doakigu.





Atzo Zarautzen: “¿Ama, no ves que no sabe castellano?”

29 08 2012

Atzo Zarauzko hondartzan hamahiruren bat urteko neskato batek amari, emakume batez ari zela: “¿Ama, no ves que no sabe castellano?”. Aipatu emakumea etzanda zegoen hondarretan eta bat batean sonbrilla eraman zion haizeak; emakumea konturatu ez eta neskatoaren amak jaso eta eraman egin zion sonbrilla. Emakumeak, orduan, euskaraz: “Barkatu, ez naiz konturatu. Baten bat jo al du deskuiduan?”. Neskatoaren amak erdaraz erantzun zion zerbait, besterik gabe, eta orduan neskatoaren ateraldi zoritxarrekoa, emakumeak aurreneko hitzak euskaraz egin zituelako: “Ama, no ves que no sabe castellano?”. Zarautzen, Euskal Herrian, 2012an ikusia, ez sinistekoa bada ere. Eta neskatoa eta ama euskal herritarrak ziren, zin dagit. Euskal herritarrak eta elebakarrak, elebakar gazteleradunak.





Athletic, Martinez, Llorente….

28 08 2012

Aitortzen dut: ez naiz sekula oso Athletic zalea izan. Kontrakoa ere ez, baina Realaren aldera gehiago jo izan dut, gertutasunagatik edo. Ez da izan filosofia kontua, ez ondo hausnartutako kontua, ez aldeko eta kontrako argudioen konparaketatik irtendako zerbait; besterik gabe dut nahiago Realak irabaztea Athleticek edo Osasunak irabaztea baino. Eta kitto, daukan garrantzia ematen diot futbolari, ez gehiago eta ez gutxiago.

Horregatik, ez dut entenditzen egunotan Athleticen inguruan entzuten ari naizena eta harritzen ari naiz, eta ia-ia kabreatzen ere bai. Esan dut futbolari dagokion garrantzia ematen diodala, eta gaur egun futbol profesionala horixe da, profesionala. Jokalarien eta entrenatzaileen salerosketan eta merkatu-arau kapitalista hutsetan oinarritzen den jokoa. Gero sentimentua dario talde bakoitzari, jakina. Filosofia ez da bera batean eta bestean, herri-ikuspegia handia da taldeetan eta horretan Athletic-en aurrean txapela kentzen dut neuk ere, baina gaur egungo futbola profesionala da erabat, eta Athletic-ek ere joko-arau horietan parte hartzen du.

Horregatik, ez dut entenditzen mutil-gazte batzuek kanpoko eskaintza hobea baloratu eta Bilbotik alde egitea erabaki dutelako halako jazarpena jasan behar izatea. Eta ez naiz ari Lezaman bildu ziren zale itsu gutxi horietaz, edota Martinezen edota Llorenteren argazkietan “vendido” pintatzen ari diren horietaz. Entzuten dut Urrutia lehendakaria edo Azkuna bera edo Urkullu bera eta, dedio, ez dakit zer pentsatu. Athleticen sartzea erraza da euskal herritarra eta jokalari ona bazara (ez da ahaztu behar sentimentua ez ezik dirua ere badutela Bilbo aldean), baina ateratzea ez hain erraza nonbait, eta bestela galdetu Martinez nafarrari.

Eta ulertzen dut Athleticen filosofiaren bidean harri-kozkor bat jartzea dela Llorenteren edo Martinezen ihesa, baina Athletic-zale guztiek ulertu behar dute haiek egiten dutena besteek ere egin dezaketela. Urrutiak dioenean beraiek ere zerbait gaizki egingo zutela Llorentek eta Martinezek Athleticetik joan nahi izateko eta handik gutxira Realeko edota Osasunako jokalariak fitxatu nahian omen dabilenean edota ibili denean, ikusi behar du beste guztiak gutxiesten ari dela, Athletic bera eta bakarra delakoan Euskal Herrian. Eta ikusi behar du, ikusi behar dute hau guztia, Martinezen eta Llorenteren ihes egin nahi hori logikoa dela, zentzuzkoa dela, justua dela futbol profesionala bilakatu den mundu zoro horretan, niri gero eta ulergaitzago egiten zaidan mundu horretan.