Zaharrak umetzea, tratu txarra

13 11 2012

Halaxe entzun dut lanera nentorrela, iragarki batean, erdaraz: “Antes todos me hablaban de usted. Ahora me llaman Juanito”. Eta ondoren iragarkiaren mezua: “infantilizar a las personas mayores tambien es maltrato…” edo antzeko zerbait.

Ez dakit, seguru iragarki horren atzean badela errealitate bat, errealitate gordin bat. Seguru badela kanpaina horren atzean helburu egokirik, seguru badela prospektiba ariketa zehatzik eta errealitatearen azterketarik. Baina niri belarrian krask egin dit iragarkiak, ez dakit zergatik. Gure amona, etxekoa, alzheimerrak jota hil zen eta ikusi dut zaharrak umetzea zer den, zer den berriro jaten erakutsi beharra, idazten, margotzen…. Eta badakit hala dagoen jendea ondo tratatzea zer den, badakit gaizki tratatzea zer den, kasurik ez egitea, ahanztea, ahanztu araztea… Baina, ze kontxo, barre ere egin izan genuen batzuetan, haren ‘umekeriekin’. Eta ez zait iruditzen iragarkiak dioena denik adibiderik onena, ez dut uste.

Nik inguruko zaharrei, inguruko helduei, amari eta osaba-izebei ez diet berorika hitz egiten. Areago, inguruko heldu askori hika edo toka egiten diet, haiek niri egiten didaten heinean. Izeba-osaba askorekin egiten dut hika, eta ez zait iruditzen horregatik errespetu falta erakusten diedanik, nahiz eta lege zaharrak hori esan. Areago, nik gertutasun halako bat sentitzen dut halakoetan, hobeto adierazten garelako bata eta bestea, hobeto komunikatzen. Hobeto eta naturalago.

Eta izenaren erabilerarekin ere berdintsua gertatzen zait. Batek baino gehiago deitzen dit tartean-tartean Ibantxo, eta ez naiz horregatik gaizki tratatua sentitzen, ez naiz iraindua sentitzen, ez naiz umetua sentitzen. Alderantziz, gertutasuna sentitzen dut, maitasuna, afektua. Alabek etengabe deitzen naute aitatxo, eta ez litzaidake inportako hogei urte barru ere hala deituko banindute, ez dut uste.

Esandakoa: kanpaina horren atzean egongo da beste errealitaterik, egongo da helburu txalogarririk, baina niri kontrako efektua eragin dit…..

Advertisements

Ekintzak

Information

2 responses

14 11 2012
ginurri

Ausnarketa politta eta neuri ere burura zenbait gauza ekarri dizkidan iritzia… aspaldian irakurri gabe nengoen “toka” hitza, gertuko hitza sentittu det… euskera oso goxoa daukagu zenbait zentzutarako… “hitanoa” kasu… Segi horrela asko gustatzen zaizkigu irakurtzen dittugunoi zeure ausnarketak eta…

19 11 2012
Luistxo Fernandez (@luistxo)

Niri iruditzen zait gure zaharrei beti erderaz egin dietela, eta kanpaina honekin ere gauzak berdin direla.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: