Egunkaria, Martxelo, torturak

17 10 2012

Tolosan nengoen irudi hauek zuzenean ikusi nituenean. EGUNKARIA itxi berri ziguten Guardia Zibilek eta han ari ginen, laino artean bezala artean, erasoari tamainako erantzuna eman nahian, egunero EGUNERO egunkaria egiten, manifestazioa, herrietako mobilizazioak, harremanak alderdiekin, eragileekin, erakundeekin…. Tolosako lokal batean geunden, hurrengo eguneko EGUNERO bukatzen eta orduantxe kolpea, orduantxe espero zitekeena baina espero ez genuena: gure lankideak, gure lagunak torturatu egin zituzten, torturatu. Kolpea, animikoa, handia izan zen, baina artean laino artean bezala geunden eta lana, erantzuna eta proiektu berria besterik ez genituen buruan eta ez zegoen besterik, ez zegoen burua altxatu besterik. Guardia Zibilaren sekretak lokalaren atarian genituen, nonahi, baina ez zegoen besterik.

Hurrengo egunean Martxelorekin berarekin egotea bezalakorik ez zen egon dena argiago ikusten hasteko, ikusteko egiten ari ginena egin besterik ez genuela. Haren indarra, haren adorea. Handik aurrerakoa ezaguna da: hilabete gutxian BERRIA proiektua jarri genuen martxan eta handik aurrera Martxelok berak eta ingurumaria handi batek torturaren kontra hasitako bideak emaitza bat eman zuen atzo. Ez da asko, inolaz ere ez da nahikoa baina bada zerbait.

Kalabozotik atera berritan ETBri eginiko adierazpenetan beraietan asmatu zuen gertaera pertsonal bat bere testuinguruan kokatzen, baduelako testuinguru oso zabala eta sakona, oso krudela. Tortura ez da kasu isolatua Espainian, hori jakina da. Zenbaitzuek 2003a eta gero onartu dute hori, aurretik ezikusiarena egin zuten askok eta askok; areago, gaur ere ezikusiarena egiten dute askok, baina ebidentziak hor daude, datuak hor daude, Estrasburgok berak dioena ere hor dago. Espainian eta Euskal Herrian torturatu egiten da eta estatu demokratiko batean eman daitekeen praktika anti-demokratikoenetakoa da tortura. Herritar bat atxilo hartu, ilunpean, eraman kalabozo ilun batera eta umiliatu, jo, biluztu, bortxatu eta psikologikoki suntsitu egiten duen Estatu batek, behin eta berriz gainera, ezin du ‘demokratiko’ abizenik eraman. Ezin dut horrelakorik ulertu, ezin onartu. Etika lezioak emango dizkigu gero, erakunde armatu klandestino batek egin dituen hilketa eta atentatuen gainean jardungo du eguna joan eta eguna etorri, onak eta txarrak bereizten dituen marra gorria marraztuko behin eta berriz, baina ez dauka horretarako inolako eskubiderik tortura bermatzen eta praktikatzen duen estatu batek.

Egun hartatik aurrerakoa neurri batean ezaguna da, baina ezagutzeko asko dugu oraindik, ezagutarazteko asko du oraindik Justiziak, nonbait baldin bada halakorik. Torturatzaileak, hura babestu dutenak, hura ezkutatu eta legitimatu dutenak ditut gaur buruan. Gogoan ditut infernu hori pairatu duten guztiak eta gaur, bereziki, Xabier Alegria, operazio hartan atxilotu zutenetatik kartzelan segitzen duen bakarrak. Hura ere bortizki torturatua izan zen.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: