10 urte Beñat Arrue-eta hil zirela

10 10 2011

Datorren urriaren 17an 10 urte beteko dira gure lagun Beñat Arrue hil zela Pumori mendian, Iñaki Aiertza, Cesar Nieto, Javier Arkauz eta Aritz Artieda mendizaleekin batera. Ezer berririk esango ez nukeenez, duela 10 urte Uztarria aldizkarian idatzi nuena hementxe:

Zer amets huen, Beñat

“Gizon ona eta eskuzabala,
beste gutxiren antzera.
Zure aholku eta laguntzaz
goaz gu Huascaranera.
Gazteok ere segiko dugu
gailurrez gailur aurrera.
Eskerrik asko Joxe Takolo,
mendian ikusiko gera”.

Iazko abuztuan, Joxe Takolo hil zenean Beñatek eta bere lagunek Perutik bidalitako bertsoa da aurreko hori. Beñatek idatzi zuen bertsoa. Handik urtebetera Beñatek berak utzi egin gaitu. Ameslari batek utzi egin gaitu. Ameslari bat zelako Beñat. Amets asko zituen buruan, amets horiek proiektu bihurtzen zituen, eta gero proiektuak aurrera eramateko borrokatu egiten zuen. Pumorin bezala. Oraingoan, baina, han geratu zaigu, betiko. Benantxio lagunaren arabera, «munduko lekurik politenean».

Orain dela gutxi bete zituen 23 urte Beñatek. Aizarnan jaio zen, baina hiru urterekin-edo Azpeitira etorri zen, gurasoekin, eta ordutik gurean bizi zen. Ume-umetatik hasi zen mendira joaten, hasiera batean Benantxio Irureta aizarnatarraren eskutik; zortzi urte betetzerako mendiz mendi zebilen.

Mendizalea…

Hasieran inguruko mendietan ibili zen, baina laster hasi zen Pirinioetara joaten. Ikaragarri gustatzen zitzaion hara joatea. Horregatik, behin kozkortu zenean, lagunekin hainbat eta hainbat irteera antolatu zituen. Normalean Beñatek berak pentsatzen zuen nora joan, zer bide egin… Izan ere, Pirinioetako ia mendi denak ezagutzen zituen. Mendi punta batean lagunekin zela, azkar asko hasten zen mendien errepasoa egiten: «Hori Perdido duk, eta hura Posets; hango hura, berriz, Aneto…». «Memoria fotografikoa zuen», diote lagunek. Asko ibilia zelako.

Duela bost bat urte istripu larria izan zuen, Rigloseko horma batean eskalatzen ari zela, Huescan. «Akats tonto bat egin nian», esaten zuen hark, eta bi hanka, besoa… hautsi zituen. Gurpildun aulkian eta dena ibili zen, eta denbora behar izan zuen osatzeko. Baina Beñatek bazuen gogoa, bazuen indarra. Bazuen ametsik. Eta laster hasi zen berriro mendira joaten. Istripua izan eta denbora gutxira, artean herren handia egiten zuela, artean hanka burdinez eta torlojuz josita zuela, Aralarrera joan zen, Azpeitian Gazteok Zer?!-eko lagunekin eta Lagun Onak-eko mendizaleekin batera. Amezketatik Balerdi aldera, eta handik Txindokira. Azken aldapan, ia konturatu gabe, denak atzean utzi zituen. Beñat herrenka, eta lagunek ezin segi. Ordurako osatzen ari zen.

…eta militantea

Mendia zen Beñaten zaletasuna. Baina batik bat borrokari eta militantziari lotuta bizi zen. Gazte-gaztetatik hasi zen ikasle mugimendua bultzatzen, Ikasle Abertzaleak taldean. Ondoren, gazte mugimenduan (Jarrai, Azpeitian Gazteok Zer?!…), mugimendu ekologistan (Erkaxo) eta, oro har, herrigintzan parte hartu zuen. Azpeitia asko maite zuen. Euskal Herria, izugarri. Gaztea zen, baina proiektu asko jarri zituen martxan, proiektu askotan parte hartu zuen. Eta herriko punta batean baldin bazegoen, beste puntan gertatzen zena ere inporta zitzaion. Egoera bere osoan aztertzen zuen. Halakoxea zelako Beñat. Positiboa oso, alderdi txarrei ere alderdi onen bat beti ikusten dien horietakoa; alaia, jendearekiko traturako zeozer berezia bazuena; lagunen laguna, beti laguntzeko prest zegoena.

Gaztea zen, bai, Beñat, baina ekimen handikoa; eragin handia zuen lagunartean, Orkatz tabernan, lantokian… Lanean ere eskarmentu handikoa zen. Izan ere, lagun batekin batera hiru denda zabaldu berri zituen. Hasiera batean Geologia ikasten hasi zen, Leioan, baina ez zuen gustuko hango giroa. Gainera, Rigloseko istripua lehenengo ikasturtearen erdi-erdian gertatu zen. Geologia utzi egin zuen, eta Informatika ikasten hasi zen, Tolosan. Informatika ikasi, proiektua amestu, eta Sare@ denda zabaldu zuen Unai Lizasorekin batera. Ameslari batek utzi gaitu, bai. Egindako ametsak proiektu bilakatzen zituen Beñatek, eta proiektuen alde lanari ekin gero, gogor gainera. Beñatek bide asko zabaldu zituen, mendian eta herrian, proiektu askotan parte hartu zuen, Herriaren alde beti. Eta aurrera begira ere bazituen beste amets batzuk buruan. Zer amets ote zeukan Beñatek urriaren 17ko ezbeharra gertatu zenean? Auskalo!

Dena dela, gauza bat garbi izan behar du Beñatek: hire falta sumatuko diagu; hire lanerako gogoa, hire indarra, hire umorea faltan botako ditiagu. Akaso, kolpea irensteko denbora asko beharko diagu. Baina jakin ezak, argi eta garbi eduki ezak, hire ametsen eta proiektuen bidetik segituko duen jenderik ez dela faltako.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s




%d bloggers like this: