Biharamunean

13 04 2010

Biharamunean, sosegu handiagoarekin aztertzean, 2003ko otsailaren 20 hari begiratzean, helburu politiko eta estrategia argiak eta garbiak ikusten ditut. “Dena ETA da” teoria hori zabaldu, txiklea bezala luzatu eta euskalgintzaraino eraman, herri mugimenduraino. Aurretik bide luzea egina zeukan teoria horrek, bide luzeegia, baina ez zen nahikoa. Euskalgintza eta herri mugimendua beste norabide batean jarri behar ziren, beste helburu batzuen peskizan. ETAren kontra, independentisten eskaera eta proklametatik urrun. Estatutuaren eta Konstituzioaren mugen barruan behar zuten euskalgintza, hortxe behar zuten herri mugimendua. Estrategia politiko argi eta garbia diseinatu zuen PPk.

Eta estrategia horrek babes handia izan zuen, bidelagun asko izan zituen, askok egin zuten bultza norabide berean; askok elikatu zuten aurretik, askok elikatu dute estrategia hori urteotan. Nabarmen bakarren batzuk, zeharka askok. Eta nik gaur, oraindik, ezin ditut horiek guztiak ahaztu.

Ezin dut ahaztu nola Diario Vasco-k “biktimismoz” jokatzea egotzi zigun otsailaren 22ko manifestazioa eta gero. Ezin ahaztu gaur “gustura” ageri diren PSEko gehientsuenak nola  ezkutatu ziren orduan (Ramon Etxezarreta eta beste bakarren bat ez beste guztiak, esango nuke nik) . Nabarmen ezkutatu. Baina inolaz ere ezin dudana ahaztu da EAJko sektore batzuek eta bere inguru zabalak (inguru zabala duelako, euskalgintzako eta herrigintzako inguru askora iristen delako) orduan teorizatu zuena, planifikatu zuena, egiten saiatu zena. Ezin dut ahaztu. Ezin dut ahaztu nola egin zuten bat bidean Del Olmorekin, PPrekin eta enparauekin, zeharka bada ere.

2003ko martxoaren 6an Miren Azkarate orduko Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak  “egunkari askotarikoagoa” aldarrikatzen zuenean, “berme enpresariala” edota “euskaltzale den-denak bere baitan hartzeko gai izango den” egunkaria eskatzen zituenean, esan gabe ari zen esaten Egunkaria ez zela askotarikoa (ezker abertzaleari lerrotua zela, alegia), ez zuela berme enpresarialik eta ez zela euskaltzale den-denei irekia. Horixe ari zen esaten, noiz eta, orain demostratu denez, legez kanpo egunkari bat itxi zutenean, legez kanpo eta armen indarrez jendea atxilotu eta torturatu zutenean. Noiz eta Egunkariaren ekonomia egoera inoizko onena zenean. Ezin ahaztu nola idatzi zuen Tolosaldeko EAJk 2002ko uztailean “Egunero obedede a la estrategia de Batasuna”, gerora  Del Olmok autoan indizio moduan sartu zuena. Nola ahaztu. Ezin ahaztu nola, handik 6 urtera, Zumaiako EAJk idatzi zuen “ANV tiene el control de los medios escritos que se leen en el municipio”, noiz eta ANV ilegala zenean, ANV ETAtzat zuenean Estatuak. Nola ahaztu. Ezin ahaztu Baztarrika, Bizkaiko EAJ, Gipuzkoako EA eta beste hainbat nola aritu diren Berriaren eta Hitzen ildo ideologikoaz, publikoan, lotsagabe, gupidagabe, Espainiako Auzitegi Nazionala bera baino haruntzago joanez ia-ia. Nola ahaztu.

Nola ahaztu, bestalde, tesi horren bueltan zeinen erraz, zeinen eroso mugitu ziren hainbat euskaltzale, hainbat elkarte eta hainbat eragile, egunkari berriaren proiektuan muturra sartu nahian, posizioak irabazi nahian, “egunkari pluralagoa” egin nahian. Guardia zibilek egin zutena salatu orduko egunkari “zabalagoa” egin behar zela esaka nola aritu ziren, nola aritu zitzaizkigun. Noiz eta Egunkaria legez kanpo eta armez itxi zutenean.

Eta orain, behin hori guztia pasatutakoan, absoluzioa eta gero, berriro ere helburu politiko argia eta garbia ikusten dut, oraingoan PSOEk diseinatutakoa. “Dena ETA da” teoria horretatik kanpo utzi dute euskalgintza, txiklea estutu dute pixka bat, baina horixe, pixka bat bakarrik. Gainontzekoek, Ezker Abertzalekoek eta haien gertukoek hor jarraitzen dute, inputatuta, zigortuta, kartzeleratuta eta umiliatuta. Hor jarraitzen dute, hor jarraituko dute eta bakartu nahiko dituzte, gainera. Euskalgintzatik, herri mugimendutik urrundu nahiko dute ezker abertzalea, euskalgintzatik eta herri mugimendutik apartatu subiranismoa, independentismoa eta Konstituzioaren kontrako posizio oro; edo bestela esanda: ezker abertzaletik urrundu, euskalgintza.

Helburu bera, estrategia desberdina.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: