Klase kontzientzia

7 04 2010

Azpeitian gertatu da, joan den igandean, Aberri Egunean. Ez Neguriko etxepe aberats batean, ez Hollywood-eko edota Saudi Arabiako etxalde dotore batean. Ezta Azpeitiko etxe oneko familia batean ere. Azpeitiko familia normal batean gertatu da: umea bataiatu behar dutenez, eta bataio horretara ume bakarren batzuk joango direnez, ume-zaintzaile bat kontratatu dute ume horiek denak zaintzeko, entretenitzeko, domatzeko. Eta ez omen da aurreneko aldia.

Bataioaren esanahia, funtzioa eta zentzua alde batera utzita (ez dakit zertarako ospatzen duten katolikoek, ez bada anai-arrebekin, gurasoekin, umeekin, aitonekin eta inguruko denekin egoteko, gozatzeko eta ondo pasatzeko), klase kontzientziaren inguruko kezka eragiten dit gertaera horrek. Ez daukagu klase kontzientziarik. Ez gara sentitzen alboko hori baino gutxiago. Ez dugu uste alboko konstruktore horren semeak edo alabak baino ahal gutxiago dugunik. Ez dugu pentsatu nahi, ez dugu nahi. Eta horrela doakigu. Egunetik egunera zentzugabeko gastu gehiago eragiten ditugu, sortzen ditugu, asmatzen ditugu; asmatzen dizkigute, hobeto esanda. Egunetik egunera kontsumoaren gurpil zoroan are eta gehiago sartzen gaituzte. Eta horrela doakigu; libre garen ustean, inoiz baino menpekoago gara. Inoiz baino esklabuago, inoiz baino neutralizatuago.

Bataioarena adibide bat besterik ez da, baina adibideak pilaka aurki ditzakegu. Joan igande arratsalde batean Azpeitiko plazara, eta 10 furgoneta berri, moderno eta garesti zenbatuko dituzu (hau ere igande bereko adibidea da); krisian gaude, eskualdean ez da ERE besterik entzuten, baina Aste Santuan denak oporretara, nola ez; komunioko edo bataioko banketea emateko, ez edonolako banketea gainera, kreditua eskatu; ezkontzako bazkariarekin nahikoa ez eta aurretik luntxa, gero barra librea eta iluntzean berriro luntxa, badaezpada ere, bateren bat gosez geratu bada ere. Lehen gutxi batzuren esku zeuden luxu horiek. Orain, guztion esku, nahiz eta pagatu beharreko prezioa ez egon gure esku. Eta horrela doakigu.

Ezin dugu onartu langile klasea garenik? Ezin dugu ulertu beste batzuen kontsumo mailara ezin dugunik iritsi? Ezetz ematen du. Saiatu dira artalde domestikatu, kontsumitzaile eta inutilak sortzen, eta lortu dute.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s




%d bloggers like this: