Aranburu

3 05 2012

Herritar guztiok berdinak ez gara, ez gizarte puta honetan behintzat. Klaseak eta klaseak daude, mailak eta mailak, eta batzuek sarrera errazagoa dute edozein lekutan, edozein momentutan. Duela urte dezente zen, Donostian, ikasle garaiko parranda haietako batean. Aranburu, Etxabe eta Sanse-ko beste jokalariren batekin parrandan genbiltzan anaia eta biok, eta Bataplan-era sartzen saiatu ginen, baina keba, ez zigutela utziko…. “Somos jugadores de la Real” esan zion Etxabek atezainari, baina keba, ezetz eta ezetz…. Artean ezezagunak ziren….

Bataplan-eko anekdota eta urte gutxira Aranburu Realean hasi zen jokatzen, Lehenengo Mailan, horrek gizarte honetan esan nahi duen guztiarekin, horrek edozeini gizarte honetan ematen dion mailarekin, klasearekin. Baina Aranburuk betikoa izaten segitu du, ez dut asko-asko ezagutzen baina hori nabarmena da, bistakoa da. Kalean beste edozein herritarren moduan ikusiko duzu, hala jokatu izan du beti: paparra gehiegi altxatu gabe, umil, gertuko, xalo. Inplikatu egin da herrigintzako proiektuetan, inplikatu politikan, inplikatu herri honek eskatzen duen horretan, esijitzen duen horretan. Beti ikusi izan dut deseroso famoseo kontu horietan, eta beti izan da eredugarri prentsaren aurrean, jendaurrean, publikoan; eredugarri izan dira hark esandakoak, eredugarri hark egindakoak. Ematen du itzal luzea utzi duela Realean, eta hori ona da; ona Realarentzat, ona futbolarentzat eta ona futbol jokalariei beste klase bat ematen dien gizarte puta honentzat.

Orain arazorik gabe sartuko zatekeen Aranburu Bataplan-en, arazorik gabe sartuko lirateke harekin azpeitiar astapotro guztiak ere. Baina iruditzen zait atseginago zaiola Txarrantxa-ko edota Orkatz-eko barra, atseginago soziedadeko afari-ondoko tertulia. Klaseak eta klaseak daudelako.





Guardiola

28 04 2012

Ados nago futbola oro har neurrigabeko bihurtu dela diotenekin. Denak galdu du neurria, denak zentzua; dena da zirkua, dena espektakulua, faltsukeria. Ados nago.

Baina ezin da ukatu futbolak eta futbolaren munduan mugitzen diren horiek guztiek eragin handia dutela gizartearengan, helduengan eta gazteengan. Balore batzuk transmititzen dituzte, eta beste batzuk ez. Alde horretatik, iruditzen zait garrantzitsua dela Guardiola bezalakoek kanpora transmititzen duten hori. Inguruan ere baditugu adibideak, baditugu gizatasun aldetik eredu eta praktika onak erakusten dituztenak (Aranburu bat, Bielsa bat….), baina egunotan Guardiola da protagonista eta Onintza Enbeita horretaz idaztera ausartu bada, nik ere Guardiolak nire ustez transmititzen duen hori azalduko dut, gehiegi hausnartu gabe. Baditu, nire ustez, ezaugarri batzuk oso-oso inportanteak direnak, nik behintzat garrantzitsu jotzen ditudan ezaugarriak:

Inteligentzia. Pertsona inteligenteak gustatzen zaizkit, betiere inteligentzia hori modu onean erabiltzen bada, eta Guardiola futbolean ikusi besterik ez zegoen ikusteko zeinen inteligentea den. Ez dut ezagutu beste futbol jokalaririk hain korrika gutxi egin eta hainbeste agintzen zuenik futbol zelaian, baloia ondo mugituta.

Printzipioduna.Barcelona utzi egingo duela prentsaren aurrean esan zuenean hogei mila kamera zituen aurrean, asko eta asko zuzenean emititzen ari ziren eta hala ere ez zuen inolako konplexurik izan prentsaurrekoa katalan hutsez emateko. Adibidez.

Afektiboa. Jokalariak, taldekideak, lagunak besarkatu, ukitu, kariñoarekin tratatzen ditu, jendaurrean behintzat bai, eta gaur egun gero eta gehiago baloratzen dut nik afektibitate hori.

Liderazgoa. Lider totala da, nire ustez. Ez da bera bakarrik izango, atzetik izango du talde oso bat liderazgo hori lantzen, baina Guardiola Barcelonan egon den urteetan lortu du taldeak estilo eta portaera eredugarria izatea, errespetuarekin jokatzea beti eta zabarkeriak eta harrokeriak alde batera uztea. Eta eredu horretan sartzen ez zena kalera bidali du.

Komunikatiboa. Oso pertsona komunikatiboa da, esan nahi duen hori ondo transmititzen duena. Inportantea da balore hori enpresa batean, eta hori da Barcelona: enpresa handi bat.

Eta abar eta besterik gabe.





Ertzaintza

11 04 2012

Ertzaintza aipatzean, niri beheko bideoen modukoak datorzkit burura, zer esango dizuet ba. Erredukzionismo ariketa izan daiteke, baina ezin dut ebitatu. Gehiegitan izan gara astakeria horien lekuko eta Cabacas-en kasua, zoritxarrez, ez da harritzekoa. Hitzak soberan daude.

 





Amaia Azkueren epaiaz

3 04 2012

Amaia Azkueren hilotza aurkitu eta hurrengo egunetan, besteak beste, kezka hauxe ibili nuen bueltaka: ea ez duten etorkin bat jotzen errudun, ea ez duten errumaniar bat, ijito bat edo marokoar bat atxilotzen. Bailaratik alde egin beharko lukete, kasu hipotetiko horretan, etorkin horren komunitate-kide guztiek. Hainbesterainokoa izango zen presioa, hainbesterainokoa lintxamendua eta ezin-eramana….. Baina ez, ‘guretar’ bat atxilotu zuten eta jo dute orain errudun. Gure arteko tipo ‘normal’ bat omen hiltzailea, familia ‘oneko’ azpeitiar gazte bat, ingurukoen arabera “batere ez biolentoa”, “lagun ona” eta “dibertigarria”.

Nik ulertzen ditut Amaiaren familiakoak, ulertzen dut ahalik eta zigorrik handiena nahi izate hori, zigor exenplarra behar izate hori. Baina ni ez nau horrek kezkatzen, ez zait hori iruditzen garrantzitsuena. Bizpahiru urtean halako astakeria egin duena egin duenaz konturatzeko, egin duenaz gogoeta egin arazteko kapaz ez den sistema batek nekez lortuko du tipo hori 10 urtean edo 20 urtean berreskuratzea. Eta ni batik bat kezkatzen nauena da zerk eramaten duen, gizarte honetan, tipo gazte bat halako amorruarekin neska bat jotzera, hiltzera. Zerk, gizarte gaixo honetan. Kezkatzen nauena da ikustea gaur Amaia Azkue izan dela baina hurrena beste bat izan daitekeela eta ez dugula ikasten, sistema honek ez digula ikasiarazten. Ez dagoela nahikoa gogoeta, ez dagoela nahikoa eztabaida edota nahikoa heziketa aztertzeko zer gertatzen zaigun, aztertzeko zerk eramaten duen mutil gazte bat edo edozein herritar halako astakeria egitera. Ez goaz sustraietara, eta horrela zail daukagu; gizarte honetan bizi dugun egiturazko biolentzia (emakumeen kontrakoa, gehienetan) errazten duten oinarriak ez ditugu berrikusi nahi, eta horrela nekez emango diogu buelta egoerari.

Seguruenez errazagoa litzateke azpeitiarrentzat ustezko hiltzailea marokoarra edo errumaniarra balitz, baina ez da horrela. Batzuentzat zorionez, besteentzat zoritxarrez, ustezko hiltzailea azpeitarra da, ‘tipo normala’. Eta arazoari eutsi nahi ez dion herritarrak, beti ihesean dabilen herritarrak ez daki orain, bere ihesean, norantz bota aurreneko pausoa.





Martxoak 8 gure etxean

8 03 2012

Gure etxean, neuk daukat hartua aitatasun baimena lantokian, alabekin denbora gehiago pasatzeko. Egunero saiatzen naiz alabak edo ikastolara eramaten edo ikastolatik jasotzen. Saiatzen naiz haiekin egunero egoten, egunero jolasten, gozatzen. Eta behar denean haserretzen, errieta egiten. Hezten, baloreak transmititzen. Etxeko esparrua neska-lagunarekin berdinetik berdinera konpartitzen saiatzen naiz, eskubide eta obligazio berdinekin: sukaldea, garbiketak, erosketak eta bestelakoak. Denbora librea ere berdintsu banatzen saiatzen naiz, saiatzen gara.

Baina gure etxean, oraindik ere, patriarkatuaren zama somatzen da. Horrela da eta ez naiz hipokrita izango. Neska-lagunak eta biok daukagu lanpostua, baina norbere lanpostuan ez dugu bakoitzak neurri berean egin gora, eta ez da gaitasun kontua. Ardura handiagoa daukat nik neure lanpostuan hark berean baino, eta berriro diot: ez da gaitasun kontua. Kasualitatea? Ez dut uste. Edo aukera gutxiago izan dituelako, edo nik ez bezala hark ezetz esatea erabaki zuelako edo ez dakit zergatik, baina kasualitatea denik ez dut uste.  Biok daukagu ingurune aberatsa, lagunarte eta familia handia. Baina aukeran afaritarako edo bestelako aisialdi kontuetarako aukera gehiago izaten dut nik, askoz ere gehiago. Kasualitatea? Ez dut uste. Kasu honetan ere izango da aukera gutxiago dituelako, izango da nik ez bezala hark ezetz esaten badakielako….. Eta bai, biok saiatzen gara etxeko espazioa berdinetik berdinera konpartitzen, baina oraindik ere nik ikusten ez ditudan beharrak ikusten ditu neska-lagunak, nik ikusten ez ditudan hautsak eta zikinak. Kasualitatea? Izan daiteke, baina ez dut uste. Urteak, urteak eta urteak daramatzagu sistema eta hezkuntza matxista baten menpe, eta eguneroko detaileetan sumatzen da. Gure esku dago horri buelta ematea.

 





Eta orain zer egingo dut?

10 02 2012

Bilbon bizi nintzenean, ikasle garaian, goizetan bakar-bakarrik egoten nintzen pisuan, pisukide denak unibertsitatean egoten ziren eta. Goizean jaiki eta “orain zer egingo dut” galdetzen nion neure buruari, inolako presarik eta pretentsioarik gabe. Eta gosaltzen nuen eta lasai-lasai janzten nintzen, eta oherik ere egin gabe kalera atera, pasiera egin, txokoak ikusi, lekuak disfrutatu, erosketak egin eta jendea begiratu, jendearen mugitzeko modua behatu. Eta harrituta geratzen nintzen ikusten nuenean ‘Bilboko jendie’ zeinen azkar mugitzen zen, zeinen presaka, zeinen larri. Denak pauso-azkarrean, lurrera begira, ia-ia ingurua ikusi ere egin gabe. Pufa, nioen. Pufa.

Garai hura etorri zait burura gaurko Gipuzkoako Hitza-ren azkenengo orrialdean Setieni irakurri diodanean: “Tristea behar du goizetan jaiki eta egunero zure buruari galdetzea: ‘eta orain zer egingo dut?’”. Ez dakit, baina probatuko nuke berriro.

Izan ere, erreportaia hori irakurtzen ari nintzen gosaltzen ari nintzenean, presaka, goizean goiz, kotxea hartu eta Andoainera etorri behar nuelako; eta bilera bukatu orduko Andoain-Laudio 111 kilometro eta han bilera bat eta gero beste bat, eta gero bazkaltzeko tarterik gabe Laudio-Azpeitia eta beste 80 kilometro eta ikastolara umeak hartzera. Eta bihar berriro Andoainen beste bi bilera eta gero bazkaria lagunartean eta gero kaldereroen konpartsa eta bla, bla, bla.

Pufa, diot.  Pufa. 90eko hamarkadako ‘Bilboko jendie’ ikusten dut ispiluari begiratzean, eta ez dut gustuko.





Jeloskorkeria aringarri moduan

1 02 2012

Irakurri dut Irungo Yasmin Rodriguezen hilketaren epaiketari buruzko albistea, eta zur eta lur geratu naiz ikusi dudanean abokatuak jeloskorkeria argudiatu duela zigorraren aringarri moduan. Jeloskorkeria, hor nonbait irakurri nuenez Jackes Cardonne idazleak ‘jabetzaren bizio’ deitzen zion hori. Hiltzailearen abokatuaren arabera, jeloskorkeriak eraginda hil zuen Yasmin Rodriguez Edward Enrique San Clementek, eta horregatik merezi du zigor txikiagoa.

Ez naiz ni hemen hasiko kartzelaren aldeko apologia egiten, ez zaidalako iruditzen ez ezeren ez edonoren konponbide; ez naiz hemen argudio juridikoez ere ariko, ideia zorririk ez dudalako; baina ikaragarria iruditzen zait abokatuaren argudio hori, gutxi gorabehera honela labur daitekeena: ezezagun bat ‘hotzean’ hiltzea bezain larria ez da zure bikotekidea jeloskorkeriak jota hiltzea.

Eta nire ustez larriena dena: argudio horren oinarrian dagoena da gizonezkoa dela bikotekidearen jabe, eta oinarri horren gainean joan da ezartzen historian zehar eta gaur arte genero biolentzia, sinpleki esanda eta nire ustez. Eta horrela, neurri batean, emakumearen kontrako biolentzia justifikatzen du argudio horrek. Neurri batean.

Nik ez dut esan nahi bikotekidearekin duzun harremana pikutara joateko beldurrik eduki behar ez denik, baina beldur horri ezin diozu aurre egin jabetza parametroetan, etengabeko hartu-eman harreman batean baizik, konfidantzan oinarritutako harremanean. Eta betiere kontuan hartuta pertsona libre dela hartu nahi dituen erabakiak hartzeko, horrek izan ditzakeen ondorio guztiekin.

‘Nirea delako hil dut’ hori gogorarazi dit Rodriguezen hiltzailearen, Edward Enrique San Clementeren abokatuak.








Follow

Get every new post delivered to your Inbox.

232 harpidedun